Itzuli orri osora

OIASSO eta SAN TELMO MUSEOETARA BISITA

Joan zen urtarrilaren 9an Mendata BHIko 4. mailako Latineko zazpi ikasle eta bi irakasle Irungo Oiasso eta Donostiako San Telmo museoetara hurbildu ginen.

Bederatzi pertsonarentzako autobusa alokatzea pentsaezina zen eta Irunerainoko joan-etorria berez konplikatua bada, trenak orain dituen etenekin eta transbordoekin, ikasleek irakurri behar izan duten Odisea-ren antzeko desplazamendu bilakatu zitzaigun. Gogoa falta ez denetan, berriz, errazagoa suertatzen da dena eta, hartara, lortu genuen bai Troyaraino iritsi, baita ondoren geure Itakara itzultzea ere.

Oiasso museoan Oiasso -gaur egungo Irun- hiri erromatarraren nondik norakoak azaldu zizkiguten, eta bisitaldian portuan batez ere nahiz hiri osoan aurkitutako hainbat objektu ikusi ahal izan genuen. Liluragarria da orain dela 2000 urteko geure modukoek erabili zituzten txanpon, jantzi, baserak eta abarrak hantxe ia-ia eskura izatea. Buruari eragiten dionari zer pentsatua emango dio, seguruena.

Museorako bisitaldiaren barruan beste erromatar nekropoli bat ikustea ere sartzen zitzaigun, hain zuzen museoaren eraikinetik hamar minutura dagoen Santa Elena baselizakoa. Baseliza txiki eta zaindua da, baina orain dela urteak bere lur azpian hilerri erromatar bat aurkitu zen. Bitxia iruditu zitzaigun sarri suertatu ohi den kulturen eta erlijioen arteko sinkretismo eta nahaste hori.

Ordubata aldera zen Santa Elenakoa amaitu genuenean. Eguzkitan gozo, bokadilo bat jan genuen plaza batean eta berehala Donostiara abiatu ginen, 16:00retan San Telmo museoa baikeneukan zain. Kafetxo eta izozki bat Donostian, eta barrura. Asteartea zen aldetik, dohinik sartu ginen. San Telmo oso-oso ederra da, eta hainbat gune interesgarri ditu: elizan Josep Maria Sert-en margolan izugarriak, harrigarriak. Baita hilarri zein argizaiolen bildumak. Antzinako nekazari, abeltzaintza edo industirari eskainitako espazioak. Eta bapatean zer aurkituko, eta Debako Praileaitz haitzuloko koilare eta ustezko venus jatorrizkoak!!! Gustora mirestu genituen pieza haiek, nahiz kopia eder askoak izan ikusgai Debako turismo bulegoan.

Arin batean trenera iritsi eta ilunduta zegoen gure herrira egin genuenerako, baina presen eta desplazamenduen gainetik, nago egun polita igaro genuela.

Eskerrik asko laguntzen izan zaituztegun den-denoi eta hurrengora arte Mendatatik!